XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Fernando piska bat berandutu zen.

Betosko eta presarik gabe, ez baitzegoen arrazoirik azkar ibiltzeko.

- Ez duela semerik, ez sano ez gaixorik, esan zidak malapartatu horrek.

Hura eta haren familia osoa kristau dela, eta Ruben beste erlijio batekoa dela, berak gorrotatzen duenekoa gainera.

Erregutu diodanez, atea itxi zidak muturren aurrera, eta iharduten segitu dudalako xaxatu egin zidak duen zakurtzarra -Fernandok begiak zituen eraitsi eta burua mugitu zalantzakor, berak ere bere hitzetan sinestuko ez balu bezala-.

Semerik ez duela ari duk esaka -errepikatu zuen triste eta harrituta.

Joanes une batez geratu zen bere pentsamenduekin bueltaka eta gero esan zuen hitz apalez:

- Gurasoek bera kristau konbertitzea nahi ditek eta berak ezetz ziok; gureek ni judutar egitea nahi eta nik ez...

Zein zailak diren batzuetan bizitzako gauzak!

Denak isildu ziren ondorenean, baina laster asko urratu zen isiltasuna oihu izugarri batekin.

Hirurak altxa ziren bat-batera, eta elkarri begiratu zioten izuturik eta erabat zurbil.

- Hor arituko duk zirujaua Rubenek esan dizkigun babak zulaten -jakin erazi zien Issac-ek.

Oihu berri bat iritsi zitzaien, lehengoa baino izugarriagoa.

Ondoren isiltasun luze bat.

Jasan ezin zutelako, hanka-puntetan hurbildu ziren ate itxiraino; baina ez zuten deus entzun, zurrumurruak izan ezik.

Gau hartan Isaac-en aitak sukaldean belarra erre (...)